XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Motorrak berotzen hasiak dira Nafarroa Oinez 91 festarako

Atarrabian izango da urriaren 20an Euskaraz-bizi lemarekin

Aurtengo Nafarroa Oinezen antolatzaileak, Paz De Ziganda ikastolak festa honen girotze eta ezagupenerako egitarau oparoa eratu du urriak 20a aurretik.

Atarrabian egingo den Oinezen XI edizioak Paz de Zigandak eraiki behar duen ikastola berriarentzat dirua biltzea du helburu.

I.I. / IRUÑEA

Ikastolako zuzendaria den Jose Luis Gorostidi, Angel Apezetxea gerentea eta Zuriñe Mendizabal Ikastolen Elkarteko kideek egitarau honen ezaugarriak azaldu zituzten.

Eginkizun hauek era guztietako jendea hartuko dute kontutan eta hilaren amaieran hasiko dira Orfeoi Pamplones-en kontzertuarekin eta urriak hogei bitartean kirolak, bertsolaritza, kontzertuak eta hitzaldi interesgarriak ekarriko dituzte Iruñera.

Angel Apezetxeak adierazi duenez, Paz de Ziganda Ikastolak garrantzia handia eman dio Oinez 91 girotzeari.

Lan eta lan ibili gara, instituzioak, erakundeak, era guztietako entitate eta pertsonak inplikatuz.

Lehenagotik ere hasiak ziren Paz de Zigandakoek Oinez 91rako giroa prestatu nahian.

Horrela uda baino lehenago xake txapelketa, futbol torneoak edota Oinez 91 izeneko emakumezkoen txirrindulari taldea antolatu dira.

EGITARAUA LUZE ETA ABERATSA

Datorren larunbatean Larrabide kiroldegian emakumezkoen saskibaloia izanen da.

Partehartzaileak Donostia eta Cbn taldeak izanen dira.

Zortzi t'erdietan, berriz, goian aipatutako Orfeoia Atarrabiako San Andres Elizan arituko da.

Euskal-folk kontzertua entzuteko parada izanen da urriaren 5ean Gaiarre Antzokian Mikel Laboa, Elizaga eta Ortzirekin.

Nafarroa Oinezen bezperan, aldiz, rocka izanen da nagusi Anaitasuna kiroldegian.

Hertzainak, Balerdi-Balerdi eta Malos Tratos saio bikaina eskainiko dute biharamunean motorrak berotzearren.

Urriak 17an Lontxo Amurizak zuzendurik bertsolaritza saio bikaina eta pilota partiduak, kirolari handienetakoek parte hartuko dutelarik.

Euskararen normalizaziorako urratsak lantzeari buruzko hitzaldiak ere izanen dira Mari Karmen Garmendia eta J. Arenas Generalitateko teknikariaren eskutik.

Aipatzekoa da hilabete hasieran Gotorlekuko Mistosen Pabilioian zabalduko den arte erakusketa, zabal zabala izango bait da.

Bertan 140 artista euskaldunen pintura eta eskultur lanak egonen dira ikusgai, Oteiza barne dagoelarik.

Jose Luis Gorostidiren ustez, erne egon gaitezke erakusketa honekin.

Hantxe egonen dira salgai, seguru, urteekin izugarrizko gorakada balioan izango dituzten artelanak.

Hauetaz gain, atzo emaniko prentsaurrekoan Oinez 91 audio eta bideo klipa ere aurkeztu zuten Paz de Zigandakoek.

Euskaraz bizi lemarekin dator grabatu duten abestia eta bi bertsio burutu dituzte: bata abestuz eta bestea txarangaz.

Musikaren egilea Juan Mari Beltran da, eta letrarena, berriz, Agiña idazlea.

Erramun eta Angele Martikorena, Negu Gorriak, Tapia eta Leturia, Mikel Laboa eta Ladis Galarzak abesten dute, besteak beste.

Euskaraz Bizi da aurtengo Nafarroa Oinezen lema.